2014(e)ko otsailaren 10(a), astelehena

"Elogio de lo in-útil", Carlos Miguel Iglesias Sanz

Karrera hasieran, nire esperientzia eza zela eta, burubelarri ari izan nintzen proiektatzeko logika edo metodo egokiaren atzetik; saiakera askoren ostean, azkenik amore eman nuen proiektuaren prozesuaren arrazionalizazio honetan. Izan ere, testuak esaten duen moduan, ez da halakorik existitzen, proiektatzeak arrazoiaz eta, batez ere, inkontzienteaz elikatzen baita. Azken hau da, hain zuzen, arkitektura lanak edo bestelako artelanak eta, era berean, bere egileak, bereizten dituen faktorerik erabakigarriena.

Jaiotzen garen momentutik gure izpirituak kanpo faktore ugariren eraginak pairatzen ditu, horien arabera eraldatuz, besteak beste: historiako garaia, kokapen geografikoa, ingurune soziala, hezkuntza, orokorrean, eta, beste plano baten, bizitzan zeharreko gertakariak, bidaiak, ezagututako pertsonak... Elementu hauek guztiek, gure nortasun puruari gehituta, proiektatze pozesua eta baita emaitza ere guztiz kutsatzen dute, ezin ezkoa da beraietaz abstraitzea, hau da, elementuen konbinazio paregabeak ezin dezake bestelako emaitzarik eman. Kate luze eta konplexu horren mailaren bat aldatuz gero, proiektatzeak beste emaitza ezberdin bat sortzea ekarriko luke.

Aipatutako eragin multzo bukaezin honek, itxuraz elkarrekin erlazionaturik gabeak eta ez erabilgarriak zentzua lortzen du soilik bere barne hartu dituen egilearentzat, baina, hona hemen paradoxa: prozesu kaotiko eta indibidualizatu honek emandako ondorioak ulergarriak, edo gutxienez aintzat hartzekoak, izan ohi dira beste gizakientzat. Izan ere, hor dago arkitektoaren eginkizunaren gakoa: bere proiektatze prozesua eraginkorra izan behar da, zuzendua, helburu jakin batzuk betetzeko gai, bere funtzionaltasuna ezinbestekoa da. Emaitzarik gabeko objektuen edo bizipenen metaketak ez du ezertarako balio, gutxienez kolektiboarentzat.

Honek gogora ekarri dit Collyer bi anaien historia harrigarria, zeintzuek urteetan zehar zaborra (egunkariak, altzariak, kolazko pianoak... ) pilatuz joan ziren era konpultsiboan bere New Yorkeko apartamenduan. Azkenean, "Harlemgo ermitauak" , gerora halaxe deituak, beraien obsesioa izandako objektu horiek guztiek zapalduta hil ziren, literalki. Ez dezagun, beraz, gure bizipenak probetxurik gabe gure senean metatzen utzi; bidera ditzagun gizarteari emaitza arkitektoniko baliagarriak eskaintzera, hura proiektatzeko prozesua modu batean edo bestean gauzatuz, era espontaneoan, arrazionalizatu barik, gure bizitzaren zatiak aztertuz eta horietatik ondorioztatuz.
Proiektatze prozesua kutsatutako gure bizipenen ganbara izan litzatekeen Collyer anaien etxea
P.d.: Collyer anaiei buruzko informazio gehigarria, kuriositatearen zizarea asetu nahi bada
http://es.wikipedia.org/wiki/Hermanos_Collyer

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina