Maiatzean ikasketa bidaian Kubara joan nintzen hamahiru egunez klaseko beste bost kideekin. Banekien lehenagotik zer-nolako tokia zen eta zer espero nezakeen; hainbat argazki ikusita neuzkan, bere musika ezagutzen nuen (el enorme Pablo Milanés, Silvio Rodríguez...), jendearen gertutasunaz banekien eta beraien gabezia materialez ere bai. Egia esateko, aurreikusitako gauza horiek guztiak bete ziren.
Bidaia ahaztezina izan zen, hala ere, baina arantza bat ezin izan nuen kendu: benetako Kuban murgildu ez nintzelaren sentsazioarekin bueltatu nintzen etxera, eta oraindik horrela sentitzen naiz. Ia irla erdia ikusi genuen, kanpotarrentzat programatutako txangoen bidez, noski, eta bertako jendearekin erlazionatu ginen, baina haien eta gure artean izugarrizko amildegia nabaritzen genuen, gu "turista aberatsak" ginelako eta haiek, gure atzean laguntzaren edo diruaren bila ibiltzen ziren bertako biztanleak. Gu ez ginen horrela sentitzen inondik inora ere ez (izan ere, bidaia planifikatzean, Kuba sakon ezagutzea izan zen gure premisa), baina hain errotuta zegoen gure estereotipoa, non ez baikenuen bere baitan moldatzea baino beste erremediorik. Bazirudien denek beraien rola oso ongi ikasita zuela: "laguntza eskaini turistei, beraiek eskatu izan ez arren, atsegina izan eta, bukaeran, umeentzako zukuarentzako dirua eskatu umiltasunez".
Oso nabarmena zen bi mundu ezberdin elkarrekin existitzen zirela eta gu benetakoatik baztertuta geundela; kubatarren "pribilegioa" zelaren inpresioa jaso genuen, nahiz eta beraiek guztiz kontrakoa pentsatu. Adibidez, oso ebidentea zen bereizketa hau dibisaren erabileran: kubatarrek "pesoak" zituzten bitartean, guk CUC-ak edo "pesos convertibles"-ak erabiltzera behartuta egon ginen eta egun batean, peso kubatarrak erabiltzen saiatu ginenean, ez ziguten utzi, oso txarto hartu zuten, gainera.
"Azpigaratua" den herrialde batera egin dudan lehen bidaia izan da hau. Beharbada honegatik zaila egin zitzaidan bertakoen eta gure arteko distantzia asimilatzea, beste leku batzuetan ez bezala (Londres, Kolonia, Augsburg...). Hala eta guztiz ere, honegatik eta beste hainbat gauzengatik oso esperientzia baliotsua izan da nire garapen pertsonalerako. Nire eguneroko errealitatetik ateratzeko balio izan zait eta beste ikuspuntu batzuk hartzeko. Baina egia da abuliarako joera sorrarazi didala bidaiak, turista izateari destinatua bainago, kilometroetara ikus daitekeen kartel fluoreszente bat zamatik eskegita banu bezala; beharbada hau onartuta, bidaiek eman diezazkidaten gauza onak jaso ahalko ditut, anbizio handirik gabe, eta betiere turismo masifikatutik irteteko ahalegin xumeak eginez, nire aukeren barne.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina