2013(e)ko urriaren 24(a), osteguna

"Una historia de violencia", Luis Fernández-Galiano

Arkitektura bada, hain zuzen ere, eraikitze eta deuseztatze prozesu bortitza, testu honen autoreak dioen bezala; naturak eraldaketa gogor eta sakonak pairatu izan ditu betidanik arkitekturaren erruz. Baina ez gara arkitekturaren izaera errudun horretaz ohartzen normalean; hainbeste denbora iragan dugu bere emaitzen artean, ezen ez baitugu arkitekturarik gabeko natura imajinatzen. Izan ere, esan daiteke arkitektura gabeko natura hori, hasiera-hasierakoa, ikutu gabekoa, purua, plano teorikoan baino ez dela existitzen, irudi ideal gisa. Arkitekturaren naturan bizi gara, beraz, erremediorik gabe.

Arkitektura hain aspaldikoa izanik, historiaren pisua nabari zaio poro guztietatik. Arkitektook, beraz, beti dugu gure aurrekarien, orainaldiaren eta gerokoaren arteko konfliktoa proiektatzerakoan. Niri, pertsonalki, iraganak zeharo interesatzen nau, baina gustatzen zait pentsatzea honen arrazoia etorkizunaz oso kontzientea naizela dela, geroaldiak zalantza izugarriak sorrarazten dizkidalako. Era honetan, nahiz eta ezjakintasunean mugitu, proiektatzerakoan oso kontuan izan ohi dut etorkizuna.

Nire aburuz, antzinako eraikin baliotsuak (beraz, zentzu eta neurriarekin, betiere) mantentzeak berebiziko garrantzia du, hain errotuak baitaude gure memoria kolektiboan. Autorea testuko esaldi batean arkitektura oskolez aldatzearen prozesu biologikoarekin parekatzen saiatzen da, eraikitze eta deuseztatze naturalaren zikloari erreferentzia eginez, baina arkitektura ez da hain sinplea. Hasieran aipatutako arkitekturaren naturan bizi gara eta hau ezin da iraganaz deserrotuta ulertu. Bere baitan eroso sentitzen gara, bere irudia oso ezaguna eta gertua egiten zaigulako. Ni, behintzat, ezin nintzateke katedralik gabeko mundo batean bizi, adibidez. Ortega y Gassetek esaten zuen moduan: "Yo soy yo y mi circunstancia y, si no la salvo a ella, no me salvo yo".


P.d.: Hona hemen nire ikuspuntua nik baino seguru aski asmatze hobearekin laburbiltzen duten autoreen esan batzuk:

"La vida solo puede ser comprendida mirando hacia atrás, pero ha de ser vivida mirando hacia adelante", Kierkegaard

"Los que no pueden recordar el pasado están condenados a repetirlo", Jorge Santayana

"Deberíamos usar el pasado como trampolín y no como sofá", Harold MacMillan

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina